6. Ondorioak
Azken hamarkadotan, familiak arautzen dituen arau-esparruak eboluzionatu egin du, nagusiki ezkontzan oinarritutako ikuskera batetik harreman-mota berriak legitimatzen dituen ikusmolde batera pasatu baita; horrela, mota guztiei tratamendu bera ematen zaie –oro har– eta familiei beren eginkizunak betetzeko eskubideak eta laguntzak onartzen zaizkie.
Tradizionalki, legezko eta erregelamenduzko hainbat xedapenek familiaren zereginak gizarte-eraikuntzan daukan nagusitasuna eta esleitzen zaizkion eginkizunak onartu dituzte, baita esparru publikotik laguntza jasotzeko beharra ere; elementu horiek oinarrizkoak dira familiek laguntza-eskakizunetan legitimazioa eduki ditzaten eta, hortaz, laguntzeko neurri eragileak gara daitezen.
Hala ere, azken hamarkadotan aldaketa handi bat egon da politika publikoen joeran –jadanik aipatu diren gizarte-bilakaerako faktoreekin bat eginez–. Horrela, ikusi da arau zaharrenek ez dutela bereziki familiako ikuspegia xedatzen, ez estatuan ez EAEn (esaterako, Euskal Herriko Autonomia Estatutuak), edo familia-antolaketako ereduen interpretazio murriztaile bat egiten dutela (adibidez, Espainiako Konstituzioak).
Aitzitik, arautzeko tresna berriek familien zeharkako ikuspegi bat sartu dute (horrek sektoreko arauketetan eragina izango du) eta, aldi berean, familien aniztasuna, familiei neurri zehatzen bidez laguntzeko beharra eta familia-eredu guztiak errespetatzeko beharra onartzea erabaki dute (batez ere ahultasun handieneko inguruabarretan daudenen babes berezia bilatzen dute).
Legezko ahalegin berrienen artean, azpimarra dezakegu Europar Batasuneko Zuzenbidearen esparruan familia-politikei esplizituki heltzen ez bazaie ere –besteak beste, Erkidegoko subsidiariotasun-printzipioa dela-eta– arauketa puntual batzuek familia-ereduen aniztasuna onartu egiten dutela. Arauketa horiek lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko politiken aldeko, erantzunkidetasunaren sustapenaren aldeko eta pertsonak lan-ingurunean haurdunaldian eta edoskitzaroan babestearen aldeko apustua egiten dute.
EAEn mende honen hasieran hasi da familiei laguntzeko neurrien ikuspegi integratzailea instituzionalizatzen, eta 2008. urtean ahalegin publikoak ordenatu eta jarduteko norabide berean bideratu dira, Familiei Laguntzeko 13/2008 Legearen bitartez. Bestalde, EAEko arautzeko ekimenak, eskuarki, lehen aipatutako Europako ildo orokorrekin lerrokatuta daude, bereziki bateratzeari, familia-ereduen aniztasuna onartzeari eta erantzunkidetasuna sustatzeari dagokienez; horrela, autonomia-erkidegoak arlo horietan esku-hartze publikoa izateko esparru juridiko egonkor bat dauka. Are gehiago, Familiei Laguntzeko 13/2008 Legearen garapenetik sortutako jardunek gaur egun familiaren arloko euskal arau-esparru batez hitz egiteko bidea ematen duten berezko ezaugarri batzuk dauzkate, bai haien bat etortzeagatik bai izaera sektorialeko zenbait arauk familietan eduki dezaketen ondorioa ikuspegi integratzaile batez berriro ordenatzeko egin duten ekarpenagatik.
Zentzu horretan, sektoreko neurri jakin batzuek familientzat daukaten garrantzia nabarmendu nahi izan dugu, esate baterako gizarte zerbitzuen, hezkuntzaren, kulturaren, kirolaren, aisialdiaren, etxebizitzaren edo garraioaren arauketari dagokionez.
Gainera, ikusi dugu Euskadin bateratzeko politikak haurrak dituzten familietara ez ezik mendeko pertsonen zaintzak eta osasun-egoera oso larriko kasuek sortzen dituzten familia-premietara ere bideratuta daudela dagoeneko.
Era berean, egiaztatu dugu Familiei Laguntzeko 13/2008 Legetik eratorritako neurrietako askok ez daukatela izaera unibertsalistarik; aitzitik, eskuragarri dauden baliabide ekonomikoen arabera aktibatzen dira eta familia ahulenak babesteko haztapen-irizpideak ezarri ere egiten dute.
Azkenik, orobat antzeman dugu Euskadin sozietate zibilak kontsultak eta proposamenak egiten dituen eragile gisa parte har dezan organoak edo tresnak antolatu direla eta gizarte zerbitzuen esparruan garatuagoak daudela (oso garrantzitsuak dira familietan eragin handia daukaten neurrietarako). Hala ere, landa-lanean kontsultatu dugun hirugarren sektoreko zati batek uste zuen bide horien garrantzia azken urteotan murriztu zela, eta erabakiak hartzerakoan haien ahotsak zeukan garrantzia galtzen ari zelako sentsazioa zuen.
Dena den, eta euskal arau-esparrua familia-aniztasuna onartzeari eta familia-mota guztien eskubideak bermatzeari dagokionez ingurune aurreratua dela baiezta daitekeen arren, garapen horretarako esleitutako baliabide zehatzik ez dagoenez (hurrengo kapituluan ikusiko den moduan), oraindik ez du bere indar osoa garatu.
Horrek guztiak ondorioztarazten digu EAEn familia-aniztasuna babestera eta onartzera bideratuta dagoen, laguntzei dagokienez unibertsalista ez den eta haurrak dituzten familiei laguntzeko tresna indartsurik ez daukan arau-esparru bat daukala. Azken hori era negatiboan balora daiteke herri-administrazioak EAEko biztanleriaren zahartzea geldiarazteko eduki dezakeen eginkizunaren ikuspuntutik, era berean hurrengo kapituluan ikusiko denez.